"Erregularra izan naiz eta lasterketa gehienetan maila onean egotea lortu dut"



Espainiako itzulian lana gogotik egin ondoren etxean da jada txirrindulari leitzarra, azken itzuli honekin aurtengo denboraldiari amaiera bikaina emanez. 2014ko denboraldia Omanen hasi zuen eta ordutik Espainiako itzulia bitarte 83 lehiaketa egun izan ditu: Oman, Tirreno, Katalunia, Euskal Herriko itzulia, Romandia, Dauphine, Frantziako Tourra, Donostiako klasikoa eta Espainiako itzulia hurrenez hurren. Bere mailarik onena eman du itzuli guztietan eta orain ederki merezitako atsedena hartzeko ordua iritsi zaio. 

- Hainbeste egun etxetik kanpo pasa eta gero zer sentitzen da berriz ere Leitzara, etxera bueltatzean? 

Batez ere lasaitasuna. Denboraldi osoa alde batetik bestera pasatzen dugu, lasterketetako tentsioa... Azkenerako gogorra egiten da, pixka bat deskonektatu eta lasai egotea beharrezkoa da berriro indarrak berritzeko.

- Otsailean Omanen hasi zenuen urtea eta ordutik 83 lehiaketa egun izan dituzu. Zer balorazio egingo zenuke aurtengo denboraldiari dagokionean?

Balorazio positiboa egiten dut, gaixo edo alergiekin eduki ditudan arazo txiki batzuk kenduz gero denboraldi polita egin dudala uste dut. Batez ere erregularra izan naiz eta lasterketa gehienetan maila onean egotea lortu dut. Gainera aspaldian garaipenik lortu gabe nengoen eta Dauphineko etapa irabazteak poz eta konfiantza handia eman zidan.

- Zein pentsamendu etortzen dira burura horrelako garaipen handi bat lortzean? 

Batez ere maite duzun jendea etortzen da gogora, garaipen horren parte direnak eta eguneroko lanean laguntzen zaituztenak.

- Tourrean erdi gaixorik ibili behar izan zenuen eta bizikletatik jaisteko ere gutxi falta izan zenuen..

Bai egia esan Tourreko 2. aste bukaera aldera gaixotu egin nintzen eta egun pare batean oso gaizki pasa nuen. Infekzio batekin egon nintzen eta egun batean etxera joateko puntuan ere izan nintzen baina zorionez aurrera egin eta bukaeran maila nahiko onean bukatu nuen.

- Hala ere, buelta emateko gai izan eta euskal zaleen aurrean Hautacamen gora Tourreko zure lehen garaipenaren bila buru belarri ibili zinen. Nola bizi izan zenuen egun hura?

Egun gogorra eta polita izan zen aldi berean. Pirinioetan zale guztien aurrean lasterketa buruan pasatzea eta garaipenarekin amestea polita izan zen baina behin amestu ondoren ez lortzeak ere pena eman zidan. Nuen guztia eman nuen eta egindako lanarekin gustura geratu nintzen. Gainera horrelakoetan, hurrengo batean berriro saiatzeko gogoa ere areagotzen da.

- Tourrean lortzerik izan ez zenuen garaipen hori Donostiako klasikan lortzen ahalegindu zinen. Berriro ere onenekin borrokan ibili ondotik laugarren sailkatu zinen. Zer hobetuko zenuke Purito, Valverde bezalako txirrindulariei irabazi ahal izateko?

Bai egia esan Tourraren ondoren berriro aurrean eta lasterketaren lehian ibiltzea oso polita izan zen. Egun bateko probetan munduko txirrindulari onenetakoak dira eta oso zaila da beraiei irabaztea. Hobetu denean hobetu beharko nuke, goraka pixka bat, eta esprintean asko!

- Espainiako itzulia izan da zure aurtengo azken lasterketa. Gustura gelditu zara han egindako lanarekin? 

Erdizka, lehen astea eta bigarrenaren hasiera onak izan ziren baina hortik aurrera pixka bat behera egin nuen. Gustura nago ahal izan dudan guztia egin dudalako baina azken egunetan egia esan neke handia nabaritu dut eta kosta egin zait aurrean ibiltzea.

- Froomek zoritxarrez ez du garaipen batekin zuen lan bikaina borobiltzerik izan, horrelakoetan zuen lana berdin baloratzen dela iruditzen zaizu? 

Bai dudarik gabe, taldean oso gustura daude talde bezala eman dugun mailarekin. Lan asko egin dugu pelotoi buruan eta lasterketako talderik indartsuena ginela erakutsi dugula uste dut.

- Duela egun batzuk Mundialerako aurre selekzioan zeundela jakinarazi zizuten. Espero zenuen 14 izen horien artean zurea ere agertzea?

Egia esan ez nuen espero, lehen aldia da Mundial baterako aurre-selekzio batean sartzen nautela eta niretzat ezusteko atsegina izan zen. Pozteko modukoa da bertan agertzea, denboraldi ona egin duzunaren seinale baita.

- Aurtengo lasterketak amaituta, 1etik 10era zein nota jarriko zenioke egin duzun denboraldiari?

Ez dakit, ez da erraza norberak bere buruari nota jartzea. Gustura nago emandako mailarekin eta batez ere lortutako garaipenarekin, baina aldi berean argi daukat oraindik hobetzen jarraitu beharra dudala eta egin dezakedala. 7 bat emanen nioke neure buruari. 

- Eta orain oporretara? 

Bai opor txiki batzuk ondo etorriko dira batez ere deskonektatu, lasai egon eta hurrengo urterako indarrak berritzeko.



No hay comentarios:

Publicar un comentario