"Skyn lasaitasun handia ematen diote txirrindulariari"

TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. MIKEL NIEVE. SKYKO TXIRRINDULARIA


Euskalteletik Skyrako bidea eginda, Chris Froomen konfiantzazko taldekide bihurtu da, dagoeneko, Mikel Nieve. Gogotsu dago «Tour bereziari» aurre egiteko eta taldeburuari Tourra irabazten laguntzeko.

2014-07-04 / Unai Zubeldia

Dauphingo azken etapa ikusgarria irabazita, motibazioz gainezka iritsi da Mikel Nieve (Leitza, Nafarroa, 1984) Frantziako Tourrera. Laranjatik urdinerako jauzia emanda, horia bakarrik dauka buruan. Alberto Contador «inoiz baino hobeto» dagoela onartuta ere, Tourra irabazteko moduan ikusten du Chris Froome.

Egun batzuk igarota, honezkero jabetuko zinen Dauphingo azken etapa irabazita egin zenuen balentriaz, ezta?

Gehiegi ere ez; ez pentsa. Ospakizun handirik ere ez genuen eduki, Tourra gain-gainean zegoelako. Ez diot ematen aparteko garrantzirik, baina egia da ustekabean iritsi zela garaipena. Etapa hasi aurretik ez genuen espero lasterketa hasieratik txikituko zenik, baina eraso festa hasi zen, aukera ikusi nuen, eta poz ikaragarria sentitu nuen amaieran. Froomek huts egin zuen, eta etapa ez zen izan perfektua, baina, neurekiko, oso pozik amaitu nuen eguna.

Vueltan etapa 2010ean, Giroan 2011n, Dauphinen aurten... Erremate gisa, Tourrean ere bai? Handitik handira zabiltza.

Bai... Handiak izan ziren aurreko garaipenak, eta Dauphingoa ere oso gogorra izan zen. Ezaugarri kontua da, azkenean. Igotzailea eta txirrindulari diesela naiz, eta nahiko ondo eusten diot gogortasunari. Zorionez, gogoratzeko moduko hiru etapa irabazi ditut.

Irabazitakoan, onean, eta, galdutakoan, txarrean; Sky taldean askoz ere handiagoa izango da tentsioa eta oihartzuna, ezta?

Ez pentsa! Oso ondo ari naiz egokitzen taldera, eta aurreko urteetan baino tentsio gutxiago nabaritu dut. Gauzak nahi bezala atera ez arren, txirrindulariengan konfiantza handia daukate taldean, badakitelako ahal dugun guztia egiten dugula. Nigan konfiantza handia daukatela nabaritu dut.

Zer eskatu dizu Skyk?

Orain arte egin dudan moduan, ahal dudan itxurarik onena emateko eta gogotik saiatzeko. Ez didate eskatu emaitza jakinik. Skyn lasaitasun handia ematen diote txirrindulariari, eta asko laguntzen du horrek.

Ia dena aldatu den arren, gauza batek bere horretan jarraitzen du: alergia kontuekin, asko sufritu zenuen sasoi hasieran.

Bai... Omanen eta Tirrenon nahiko indartsu hasi nintzen, ondo; eta gogorra da, ondo zaudenean, momentu batetik bestera gaizki sentitzea eta ezinean ibiltzea. Beste askok bezala, gehienetan sufritu egiten dut denboraldiko zati horretan, baina, zorionez, behin gorputza bere onera ekarrita, nabaritu egiten da aurretik egindako lana. Are gehiago gozatu dut azkenaldian.

Zein ziren Tourrera arteko helburuak? Zein bete dituzu? Eta zein geratu dira bidean?

Ahalik eta ondoena aritzea zen helburua, eta, neurri batean, lortu dudala uste dut. Denboraldiaren lehen zatian oso gustura ibili nintzen, lan ona egin nuen, eta itxura polita eman nuen. Baina egia da emaitzak ez zirela izan onegiak. Euskal Herriko Itzuliaren amaieran eta Romandian ez nintzen ibili nahi bezain ondo, baina lasai nago, barruan neukan guztia eman dudalako. Beste tenple batekin joan nintzen, jada, Dauphinera.

Kanpotik begiratuta, oso txukuna ari da izaten zure denboraldia, baina behar zenuen, akaso, emaitza on hori?

Garaipenek beti ematen dute indarra; are gehiago, irabazlea ez izanda. Baina Dauphingo azken etapa hori irabazi izan ez banu ere, oso-oso pozik itzuliko nintzatekeen etxera, hasi eta bukatu oso itxura ona eman nuela uste dudalako. Amaierara arte Froomen ondoan egotea zen helburua, eta ondo egin nuen lan hori.

Tourreko ibilbideari dagokionez, desberdin samarra datorrela ematen du, ezta?

Gogor itxura dauka. Bigarren egunerako nahiko etapa gogorra daukagu, eta Tour menditsua da. Mugitua izango dela iruditzen zait, erlojupeko bakarra dagoelako, azken-aurreko egunekoa. Horrek aukera emango du etapa garaipenen edo mailloten bila mugitzeko. Faboritoak nahiko parekatuta ikusten ditut; bai Froome, bai Contador, eta baita beste hainbat ere. Tour irekia izango da.

Huts txiki bat egin, eta Froomeri, dagoeneko, galdera ikurra jarri diote askok. Contador-Froome bikora mugatu behar al da lehia?

Nibali, Valverde, Talansky... horiek ere ezin dira ahaztu. Baina erorketarik edo gaixotasunik ez badaukate, behintzat, mailaz Froome eta Contadorren arteko lehia espero dut garaipenerako.

Contadorri beldur edo errespetu pixka bat hartu dio Froomek?

Bai... Errespetu pixka bat bai, zalantzarik gabe. Oso indartsu dagoela erakusten ari da lasterketa guztietan, eta aurten bera ari da izaten onena itzulietan. Beldurrik ez, baina errespetua sortzen du horrek. Froomeri ere bai.

Nolakoa da Froome bertatik bertara?

Nahiko pertsona normala da. Handinahi hori badauka, une oro irabazi nahi hori. Baina eguneroko tratuan nahiko normala da, gainerakoen tankerakoa.

Zein izan duzu gelakide orain artean?

Lasterketa gehienetan eta kontzentrazioetan David Lopezekin egokitu zait gelan, eta asko lagundu dit taldearen egunerokoa ulertzen eta egituran barneratzen.

Ingelesarekin hasieran nahiko lan izan zenuen, edo ondo ikasita zeunden aurretik?

Aurretik ideia handirik ez, eta orain hainbestean, pixkanaka gehiago ulertuz [barrez]. Taldeko bileretan eta txirrindularitzari buruzko hizketaldietan nahiko ondo moldatzen naiz, baina argi dago hizkuntza bat ondo hitz egiteko ikasi egin behar dela eta horrek bere denbora eskatzen duela.

Zuen artean nahi duzuen hizkuntzan hitz egiteko askatasuna daukazue, edo ingelesa da taldeko hizkuntza bakarra?

Askatasuna ematen digute, baina eskertzen dute ingelesa ikastea eta gure artean ingelesez hitz egitea. Talde izaera hori indartzeko komenigarria da denok ingelesa menderatzea, baina agindu zehatzik ez dugu jaso.

Hainbestekoa al da Froome-Wiggins talde barruko lehia?

Uste dut komunikabideen kontuak direla gehiago, baina, egia esan, Wigginsekin Tirrenon bakarrik ibili naiz lehian. Talde barruan normal egiten zaio aurre lasterketa bakoitzari, eta ez da nabaritzen tentsio berezirik.

Alpeak lehenengo eta Pirinioak gero. Joan zarete igoerak bertatik bertara aztertzera?

Pirinioetan ibili nintzen joan den astean, eta ezagutzen ez nituen igoerak bertatik bertara aztertu ahal izan ditut. Pirinioak ezagutzen ditut jada, eta Alpeetan, Risoulen amaitzen den etapa ere bai [14.a]. Igoeraren bat kenduta, gehienak ezagunak ditut.

Non egon daiteke gakoa?

Alpeetan ez du ematen hainbesteko gogortasunik dagoenik, baina Tourrean edozein unetan egin daiteke huts. Hori bai, Pirinioetan, azken astean, hiru etapa gogor daude bata bestearen atzetik, eta min egingo du horrek. Indarrez ondo eta sailkapenean aukerekin iritsi beharra dago azken aste horretara.

Pirinioetan kolore laranja faltako da aurten. Euskaltelen ondorengo lehen urtean, zuentzat ere bereziak izango dira etapa horiek, ezta?

Pirinioak ez dira berdinak izango. Hori bai, laranja kolore hori faltako den arren, ziur nago euskal zale asko inguratuko dela, txirrindularitzarekiko zaletasun handia dagoelako Euskal Herrian. Ea gauza politen bat egiteko gai garen.

Dauphinen gertatutakoa aztertuta, beldurrik badaukazue talderen batek lasterketa hankaz gora jar ote dezakeen-edo urrutitik erasoka hasita?

Ez, ez. Nik ez diot beldurrik horri. Dauphinen, esaterako, gu mugitu ginen ihesaldian hiru txirrindulari sartuta. Talde indartsua daukagu estrategia horietarako, mendateetarako eta ordekarako, eta, errespetua bai, baina beldurrik ez daukagu.

Zein hiru txirrindulari igoko dira Parisko podiumera?

Froome, Contador eta Valverde.

Froomek irabaztea da etxera pozik itzultzeko modu bakarra?

Nire lana ondo eginez gero, ni gustura itzuliko naiz etxera; mendian itxura ona emanez gero, aurrean ibiliz gero... Emaitza jakin batera mugatu gabe, lan ona egitea da nire erronka.


Iturria: Berria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario