Pirineoetako bi etapetan bikain ibili da Mikel Nieve!

2013-07-09

Txirrindularitza. 2013ko Frantziako Tourra. Mikel Nieve. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Harritu egin naiz ni ere»

Egunerokoan isil-isilik ibiltzea gustatzen zaio Mikel Nieveri, baina eraldatu egiten da bizikleta gainean. 11. postuan dago leitzarra Tourreko lehen bederatzi etapak jokatuta, eta bera ere harrituta dago zein ondo ari den. Etapa garaipenari begira dago.

Unai Zubeldia Donostia

 
 
«Etzanda egotea izan da entrenamendurik onena». Bezperako egurrarekin, gorputza bere onera ekartzen ari da Mikel Nieve (Leitza, Nafarroa, 1984). «09:30ean jaiki, entrenamendu txiki bat egin, bazkaldu, lo egin... Lasaitasuna eskertzen da gehien horrelakoetan». Errepidean ez dago lasaitasunik, ordea, eta, onenen ondoan, dotore dabil leitzarra. 11. postuan dago, baina zeharka ere ez dio begiratu nahi oraindik sailkapenari. «Etapa bat irabazi nahi dugu».

Egia izango da, azkenean, Mikel Nievek lehen hamarren artean ibiltzen bakarrik dakiela...

[Barrez] Beno... Ez, ez. Asko falta da oraindik. Oso etapa zailak daude bi asteotan, erlojupekoetan denbora asko galduko dut ziur, eta pixkanaka egin behar dira gauzak. Hor nago, bai, baina etapa bat irabazten saiatuko gara.

Etapa garaipenari bueltaka ari zarete etengabe, baina barru-barruan egongo da sailkapen nagusiko borrokan sartzeko grina hori, ezta?

Polita litzateke lehen hamarren artean sartzea, baina, sailkapenean aurrean dauzkadanei begiratuta, nahiko zail ikusten dut. Oraingoz nahiago dut egunez egun etapa irabazteko aukera horiek baliatzea, eta, azken astean ikusten badut sailkapenean aurrera egin dezakedala, saiatuko naiz. Baina, oraingoz, ez dut gehiegi pentsatu nahi horretan.

Seigarren helmugaratu zinen Ax 3 Domainesen, eta, erasoka aritu ondoren, faboritoen tropelean Bagneres de Bigorren. Gutxi daude zu baino askoz indartsuagoak.

Egia esan, oso ondo sentitu naiz; nik neuk uste nuena baino hobeto. Niretzat ere ezusteko txiki bat izan da hain aurrean ibiltzea; harritu egin naiz. Baina gerora ikusiko dugu nola erantzuten dugun.

«Ohore eta plazer bat euskaltzale guztien artetik igarotzea! Sekula ahaztuko ez dudan momentua! Mila esker!». Bagnereseko etapa amaitu berritan zuk idatzitakoa da.

Sentitzen dena azaltzeko hitzik ez dago. Errepide bazterrean egoten nintzenean, beti amesten nuen Pirinioetan euskal zale guztien erditik igarotzearekin. Eta Hourquetteko azken bi kilometroetan ileak tente-tente eginda joan nintzen. Zarata, denak izenez animatzen... Oso polita izan zen.

Barrutik nola bizi izan zenuten herenegungo etapako eromen guztia?

Etapa nola zihoan ikusita, harrituta geratu ginen momenturen batean. Ihesaldian sartzea zen gure helburua, urrutitik min egiten saiatzea. Baina Froome bera ere saltsa horretan sartu zen, gainerako faboritoak ere bai, denek egin nahi zuten aurrera, eta hor eustea zen kontua. Ez dakit sekula egin behar izan dudan etapa bat, hasi eta bukatu, bete-betean.

Ulertu al zenuten Froomeren jarrera? Neurri batean, berak txikitu zuen bere taldea.

Lasterketak ihes egiterik ez zuen nahi, Valverde ere mugitu egin zen, Movistarrek txirrindulari asko sartu zituen ihesaldietan, eta erasoa izan zen bere defentsa. Ondo atera zitzaion azkenerako, eta gustura amaituko zuen eguna.

Lehertu zen Ion Izagirre, lehertu zen Igor Anton, baina zu oso erraz zindoazela ematen zuen. Lehertuko ote zinen beldurrik izan zenuen?

Mente igaro ondoren izan nuen txakalaldi txiki bat, Bagneresera bidean. Erasoka ibili ginen, eta dezenteko betekada izan nuen. Peyresourden nola ibiliko nintzen beldur pixka bat baneukan, baina nahiko erritmo onean igo genuen, eta amaierarako lortu nuen gorputza bere onera ekartzea.

Vueltako edo Giroko lehen atseden egunarekin alderatuta, nola dago zure gorputza?

Nahiko mugitua izaten ari da Tourra, baina, oraingoz, ondo ari naiz eusten. Etapatik etapara ondo ari naiz errekuperatzen, eta gustura nago. Baina bi aste gogorrenak falta dira oraindik, azkena batez ere, eta hor nabarituko da benetako nekea.

Movistar eta Saxo mokoka dabiltza, eta ez al dago aukerarik bietako batekin aliantzaren bat egiteko?

Ez dakit... Oilarren artean deman dabiltza, baina ez dut uste Contador, Valverde edo Froome bera ikaragarri estutuko direnik gurekin. Euren zaintza horretan aukerak baliatzen saiatu beharra daukagu guk.

Erorketengatik, beldurra zenioten Korsikari, baina taldekako erlojupekoan joan zinen, azkenean, lurrera. Zortzigarren zeundeke 25-30 segundoko galera hura gabe...

Kontu horiek ahaztea hobe! Beldurra genion Korsikan erortzeari, eta, tira, han ez ginen erori, eta erlojupekoan joan nintzen gero hankaz gora. Baina ez zen izan ezer, eta nahiago dut 25-30 segundo galtzea eta minik ez hartzea. Osasuntsu egonez gero, ez dut uste Tour amaieran segundo horiei begira egongo naizenik.

Txirrindulari diesela zara zu, eta diesela izatea eskatzen dute Alpeek. Alpe d'Huezeko etapa, Le Grand Bornandekoa, Annecy Samnozekoa... Baten bat badaukazu begiz jota?

Ez, ez. Oso gogorrak dira hirurak, baina baita aurretik Mont Ventouxekoa ere; bero egiten badu, batez ere. 220 kilometro eginda hasiko gara igotzen, eta min egingo du. Azken asteko erlojupekoa ere gogorra da... Alpe d'Huezen eta Le Grand Bornanden ere indarrez justu ibiliko gara denok, eta lasterketan ezustekoren bat egon daitekeela uste dut.

Bi erlojupeko daude aurretik; lehenengoa bihar, 33 kilometrokoa. Zenbateko galera litzateke balekoa?

Auskalo. Gerora aztertu behar izaten da hori, ingurukoek zenbat denbora galdu duten ikusi ondoren. Tony Martin izango da faboritoa, eta oso urruti ibiliko naiz ni. Baina ahalik eta lanik onena egiten saiatuko naiz.

Makalaldi baten ondoren, zure maila on hori berretsi beharra sentitzen zenuen Tourra hasi aurretik?

Nire buruarekin neukan zorrik handiena. Ustez egon naitekeen mailan ikusi nahi nuen berriz ere neure burua. Sakrifizio handia eskatzen du prestaketak, eta gogorra da helburu bat prestatu eta espero duzun mailatik oso behera gelditzea. Horregatik erakutsi nahi nion neure buruari hor nagoela eta gehiago eman dezakedala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario