«Errepidean erakutsi behar da taldeburu izan zaitezkeela»

Tropeleko laguntzailerik finenetakoa da Mikel Nieve, aldapa gogortzen denean ez daukalako parekorik. Chris Froomen ondoan, ilusioz gainezka ekin dio Skyko bigarren urteari.

 2015-02-26 / Unai Zubeldia 

 Bere burua ere harritu egin du Mikel Nievek (Leitza, Nafarroa, 1984) Andaluziako Itzulian eman duen maila on-onarekin. Otsailerako, Chris Froomen taldekide finena bihurtu da aldapa gora, eta leitzarra taldeburuaren ondoan lehiatuko da Tirreno-Adriatikoan hurrengo astean eta Frantziako Tourrean uztailean. Bigarren urteari ekinda eta bere lekua aurkituta, gozatzen ari da Skyren egituran. Laguntzaile lanaz gain, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa dauzka begiz jota.

 Lekutan dago uztaila, eta lekutan Frantziako Tourra, baina dagoeneko ikuskizun bikaina eskaintzen hasi dira Chris Froome eta Alberto Contador.

 Bai... Hori da azken urteotako joera, taldeburuak hasiera-hasieratik emaitza onak pilatzen hastea. Contador eta Froome oso indartsu ibili dira Andaluziako Itzulian, baina aurretik, jadanik, agertu zen Valverde bera ere. Pedal kolpe onarekin iritsi dira denak denboraldi hasierara, eta oso polita da hori zale guztientzat. 

 «Gozamena da Froomen alde lan egitea», aitortu berri duzu. Nabari da asko ari zarela gozatzen Skyn. 

 Hala da, bai. Oso gustagarria da horrelako taldeburu batentzat lan egitea, behin lan eginda emaitzak lortzen dituelako gero. Gainerako taldekideontzat polita da garaipen horiek lortzen laguntzea. 

 Neurri batean bada ere, norberak bere sentitzen ditu garaipen horiek? 

 Ez, ez. Hainbesterako ere ez da. Garaipenak bereak izaten dira, Froomenak. Baina talde baten lana ere bada azken batean, eta, tira, zati txiki-txiki bat izango da, agian, nirea. Behin talde lan horretan murgilduta, oso gustagarria da taldeburuak helburuak betetzea. 

 Froome eta Contador koska bat gorago daudela esaten da batean eta bestean, baina benetan bakarra al da koska hori? 

 Ikaragarria da daukaten maila. Zaila da esatea gainerakoak baino zenbat koska gorago dauden, baina bizpahiru badaudela esango nuke. Alde handiak lortzen dituzte bete-betean hasten direnean. Ez nuke jakingo esaten haiekin alderatuta Nairo [Quintana] eta [Vincenzo] Nibali non dauden; nahiko gertu bai, baina Froome eta Contador pixka bat gorago daudela uste dut. 

 Oso berezia izan zen larunbatean, Andaluziako Itzuliko sailkapena irauli zuen egunean, Froomek helmugan eman zizun besarkada beroa. 

 Oso polita izan zen, bai. Ez genuen espero hain maila ona ematerik eta sailkapen nagusia iraultzerik. Etapa irabazteko intentzioa bazeukan, baina itzulia bera irabaztea... Horregatik, guretzat ere ezustekoa izan zen hain segundo gutxiren aldearekin irabaztea, eta ikaragarrizko poza sentitu genuen. Talde guztiarekin oso esker onekoa izaten da beti Froome, oso umila da, eta pertsona gisa ere oso-oso atsegina da. 

 Errespetu pixka bat sortu zizuen, hala ere, Contadorrek eman zuen lehen kolpeak? 

 Ez pentsa... Etapa hartan gurpila zulatu zitzaidan 11-12 kilometro falta zirela, eta oso atzean gelditu nintzen. Ez dakit zenbateko erasoa jo zuen Contadorrek, baina hemeretzi segundo bakarrik atera zizkion azkenerako, eta Froomeri berari esan nion ia ordu erdiko igoeran hutsaren parekoa zela alde hori, biak elkarrengandik oso gertu zeudela. Uste dut hotzean azterketa hori egin zuela berak ere eta konfiantza horrekin ekin ziola hurrengo etapari.

 Gogotik lan eginda, laugarren postuan amaitu zenuen Andaluziako Itzulia, Froome, Contador eta Intxaustiren atzetik. Zuk ere ez zenuen esperoko hain aurrean ibiltzea, ezta? 

 Banekien ondo nengoela, neguan nahiko lan ona egin nuelako. Ondo sentitzen nintzen, baina ez da oso ohikoa lehen lasterketan hor aurrean ibiltzea. Asko poztu naiz aurretik egindako lanak emaitza eman duelako, eta are motibazio handiagoa daukat orain hurrengo lasterketetarako. 

 Iaz berria zen dena Skyn. Zuzendariek zer eskatu dizute bigarren urterako?

Norberak bere lekua aurkitzen du denborarekin. Lehen egunetan konfiantza pixka bat falta izaten da besteen aldean non ote zauden jakin artean, baina, gutxi gorabehera, nire lekua aurkitu dudala uste dut. Ahal dudan hoberen aritzeko eskatzen didate haiek, besterik ez; nik neure buruari eskatzen diodan gauza berbera. Bigarren urtea izanda, konfiantza gehixeago daukadala nabari dut aurten. 

Konfiantza handitze horretan babes txiki bat emango du Xabier Artetxe ondoan edukitzeak, ezta?

Zalantzarik gabe. Asko eskertzen da horrelako talde batean prestatzailea euskalduna izatea eta harekin euskaraz hitz egin ahal izatea. Sentsazio guztiak transmititzeko, askoz errazagoa da norberaren hizkuntzan hitz egin ahal izatea, eta gustura nago Artetxe Skyra etorrita. 

 Denboraldian zehar egongo da aukerarik lanera mugatu gabe taldeburu izateko? 

 Lasterketa asko izaten dira urtean zehar, eta irits liteke momentua. Baina, horretarako, errepidean erakutsi behar da taldeburu izan zaitezkeela. Ahal dudan hoberen aritu beharko naiz horretarako, nahiz eta aurretik egindakoak ezer gutxirako balio izaten duen gero lasterketan. 

 Euskal Herriko Itzulian izan dezakezu aukera?

Ez dakit zein taldeburu ekarriko duten Euskal Herriko Itzulira, eta taldekideak zein izango ditudan ere ez. Ahalik eta sasoirik onenean iristen saiatuko naiz ni, eta zuzendariek erabakiko dute gero zein den taldeburua. 

 Alergia garaia izaten da beti etxeko itzulia jokatzen den garaia. 

 Hala da, bai. Errespetua ematen du kontu horrek, ez dagoelako nire esku. Eragiten dizunean, gauza handirik ere ezin izaten da egin, baina ea zorte pixka batekin gai garen etxeko aste horretan izkin egiteko, iaz egur handia eman zidan eta. 

 Denboraldi hasieran, aitortu zenuen erlojupekoetan koska bat gora egin nahi zenuela. Zein lanketa egiten ari zarete?

Orain arte, astean behin, erlojuaren aurkako bizikletarekin ibili naiz entrenatzen, eta lehen baino erosoago sentitzen dut neure burua. Neurri batzuk begiratu eta aldatu ditugu. Argi dago astebeteko itzulietan segundo gutxi horiek oso garrantzitsuak direla, eta galera mugatuta salto txiki bat egin dezakedala aurrera. 

 Tirreno-Adriatikoa, Euskal Herriko Itzulia eta Ardenetako klasikoak. Zeren bila egin duzue klasikoen aldeko apustua?

Ondoren atseden txiki bat hartzeko helburuarekin egin dugu Erromandiako Itzulian aritu ordez Ardenetako klasikoen alde. Proba zailak eta gogorrak dira Ardenetakoak, baina niretzat txar-txarrak ere ez dira egun bakarreko lasterketa horiek. Lieja-Bastogne-Liejaren moduan, gainera, gogorrak badira, askoz hobeto. Ea ondo aritzeko gai naizen.

 31 urte betetzera zoaz; inoizko mailarik onenean zaude? 

 Ez dakit. Ea hala den! Saiatuko naiz hala izan dadin. Egia da denboraldi hasiera izateko lehen lasterketan inoizko mailarik onenetakoa eman dudala, baina ea gai naizen maila horri eusteko. Ahal dela, saiatuko naiz inoizko denboraldirik onena egiten. 

Zer diote potentziometroek eta gainerakoek? 

 Ez naiz tramankulu horien oso zalea edo entrenamendu bakoitza aztertu zalea. Momentu bakoitzeko sentsazioei begiratzen diet nik. Prestatzaileen lana izaten da hori, entrenamendu bakoitzaren amaieran datu guztiak bidaltzen dizkiegulako. Ez dut denbora askorik galtzen zenbaki kontu horiekin. 

 Sentsazioak aipatuta, pentsatzekoa da iaz dezente gustatuko zitzaizula Donostiako Klasikoaren ibilbide berria. Hori izan daiteke urteko beste erronketako bat? 

 Asko gustatu zitzaidan, bai. Azken aldapatxoa oso polita izan zen zaleentzat, eta gustatuko litzaidake lehen hiruren artean edo irabazteko lehian sartzea. Saiatuko naiz. 

 Etxerako buelta eginda, bere txikitasunean, Murias izan daiteke Euskaltel zenaren oinordekoa? 

Ea hala den! Euskal Herrian, behar zen horrelako talde bat, gazteenei aukera emateko. Poztekoa da talde batek horrelako aurrerapausoa ematea, eta ea, zorte pixka batekin, haziz joateko aukera daukan. 

Skykoak edo Muriasekoak, nongo maillotak ikusten dira gehiago Leitza aldean? 

 [Barrez] Skyko askorik ez da ikusten, ez pentsa. Bakoitzak bere maillota janzten du hemen. Herrian talde bat badago, eta euren koloreekin ibiltzen dira gehienak. Dena den, babes handia sentitzen dut herrian, eta eskertzekoa da. 

Bigarren urteari ekinda, norekin lortu duzu harremanik estuena Skyren egitura erraldoian? Gehientsuenok ezagutzen genuen elkar, eta gehienekin. Baina, tira, urte batzuk badira [Xabi] Zandio ezagutzen dudala, entrenatzen-eta tarteka elkarrekin ibiltzen ginelako lehen ere. [Vasil] Kiryienka ere hemen inguruan bizi da, David [Lopez] ere bai... Eta atzerritarrekin ere oso ondo moldatzen ari naiz, oso giro ona daukagulako taldean.


Iturria: Berria.

No hay comentarios:

Publicar un comentario