"Aurten ere nire mailarik onena ematen ahaleginduko naiz"


Euskaltelen bost urte igaro eta gero txirrindulari leitzarra etapa berri batean murgildu zaigu. Mailot naranja alde batera utzi eta munduko talde handienetariko batera egin du salto. Denboraldi berria prestatzen dabil dagoeneko eta Otsailean bertan izango du bere lehen lasterketa Omanen. 


  Zer moduz integratu zara talde berrian?

Egia esan, oso gustora aurkitu naiz beraiekin egin ditudan bi hilabete hauetan. Hasieran errespetua ematen zidan aldaketa handia baitzen baina harrrera oso ona egin didate denek. 


       Eta ingelesez ongi moldatzen zara?

      Hizkuntzarekin arazo gehixeago dut denekin ulertzeko baina taldekide eta bertako laguntzaileek asko lagundu didate. Ea ikasten joaten naizen, bizitza normalerako ere oso ondo etorriko zait hizkuntza berri bat ikastea. 

      Gainontzean ohitura aldetik aldaketarik antzeman duzu?
      
     Batez ere kontzentrazioetan, kontuan hartuta taldekide nahiz langile gehienak ingelesak direla beraien ordutegi goiztiarretara egokitu behar izan dut. Pentsa arratsaldeko zazpi terdietarako afaltzen dute. 

Eta entrenamenduei dagokionez?

Entrenamenduetan ere  aldaketa antzematen da. Ordu askoko lan saioak egin ditugu, garrantzi handia ematen diete entrenamenduei eta egiten dugun guztia aztertzen dute. 

Horren adibide izan da aurredenboraldia?

Bai egia esan talde dinamika berrian murgildu eta hasiera honetan ordu asko sartu ditut. Hamar eguneko  hiru egonaldi egin ditut Mallorkan eta eguraldia lagun gogor egin dugu lan. Egunetik egunera hobeto aurkitzen naiz eta jadanik lehen lasterketan parte hartzeko irrikitan nago. 

Hasteko Omaneraino bidaiatuko duzu. Zein asmorekin zoaz bertara?

Asmoa taldeari ahalik eta gehien laguntzea izango da. Froome edo Henao lasterketa irabazi dezaketen taldekideak dira eta mendiko etapetan beraien alboan egotea izango da nere helburua. Lehen lasterketa izango da talde berrian eta ondo egitea gustatuko litzaidake.


Ondoren Tirreno Adriatikoa eta Euskal Herriko itzulia. Etaparen baten lehian ikusiko zaitugu?

Lasterketa garrantzitsuak izango dira eta denboraldi hasieran egindako lanen erakusgarri. Ez daukat etapa bat markatuta baina Euskal Herriko itzulian batez ere lehen bi etapak etxetik oso gertu pasako direnez ilusio bereziarekin irtengo naiz.

Orain arte euskalzaleen babes handia izan duzue lasterketa guztietan, hemendik aurrera ere horrela izango ote da?

Euskaltelen desagerpenak eragina izan dezakeela iruditzen zait. Zaleen babes handia zuen eta jende asko mugitzen zen, orain talde hori faltako da… Hala ere txirrindulari zale asko dago Euskal Herrian eta seguru jendea errepide bazterrera aterako dela. Ikaragarria da beraien berotasun hori sentitzea. 

Tourrean antzematen da gehien zaleen indarra eta aurten ere bertan izango zara. Zer sentitu zenuen tourreko bederatzikoan egongo ziñela esan zizutenean?
      
      Egia esan niretzat ezustekoa izan zen, taldea oso indartsua da eta hasieratik konfidantza hori ematea oso garrantzitsua izan da niretzat. Dena den, presioa ere bada, azken bi tourrak irabazi ditu taldeak eta aurten ere Froome izango da hautagai nagusia. Nere mailarik onena eman nahi dut ahal dudan guztian laguntzeko eta taldearen helburua erdiesteko. 

Denboraldian zehar laguntza eskaintzeaz gain helburu pertsonalen bat ere izango duzu. 

Urtean lasterketa ugari izaten ditugu eta aukera izanez gero horietakoren bat irabaztea gustatuko litzaidake. 

Zein izatea gustatuko litzaizuke garaipen horren egunkarietako berria?

"MIKEL NIEVEK EUSKAL HERRIKO ITZULIAN BERE LEHENENGO GARAIPENA LORTU DU"







No hay comentarios:

Publicar un comentario