2013-09-11
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Mikel Nieve. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Oraindik ez dugu jaso azalpen bakar bat ere»
Kirol arloan umore handirik gabe eta taldearen
inguruko egoerarekin nekatu antzean dago Mikel Nieve. Ia lotuta zeukan
etorkizuna, eta egungo egoera nola argituko den ez dakiela dago orain
leitzarra. «Hobeto egon nahi nuke, baina...». Arlo fisikoa
bezala, ahotsa bera ere urratu samar dauka Mikel Nievek (Leitza,
Nafarroa, 1984). «Behera egin dut bigarren astean». Ez dabil gustura
nafarra. Bost egun falta zaizkio denboraldia amaitzeko, eta datorren
urtekoak lotu gabe jarraitzen du oraindik. Atsedena behar du Nieveren
gorputzak, eta atsedena buruak.
Taldeak ez zuela jarraituko lehenengo, baietz gero, izena, egitura, txirrindulariak... Zenbat buelta eman ditu buruak azken hilabetean?
Gehiegi. Nekatuta ere banago jada kontu honekin, eta ea lehenbailehen bukatzen den.
Igor Antonek aitortu zuen behin etapa hasita, irratitxotik jaso zenutela albistea. Hala izan zen benetan?
Bai, bai. Halaxe izan zen. Guk ez genekien ezer aurretik, eta irratitik esan ziguten. Oso bitxia izan zen egoera. Dena galdutzat emanda geneukan, argi eta garbi esan zigutelako mirariren bat behar zela aurrera egiteko. Eta normalean ez dira gertatzen mirariak, baina oraingoan bai. Nik neuk ez neukan inolako itxaropenik, baina...
Egun batzuk igaro dira berria jaso zenutenetik. Norbait elkartu al da zurekin edo zuekin egoera azaltzeko?
Hori da bitxiena. Guk oraindik ez dugu jaso azalpen bakar bat ere. Komunikabideen bidez dakigu dakigun guztia, eta zain gaude denok, ez dakigulako ezer.
2015era arteko kontratua daukazu zuk, baina, halabeharrez, beste talde batzuekin hizketan hasita zeunden. Egoera zaila daukazu orain...
Bai... Azkenean, halabeharrez, kanpoan talde bila hasi behar izan genuen, eta nahikoa aurreratuta zeuden negoziazioak. Orain ea hori guztia zertan geratzen den. Nahikoa zaila da panorama, baina ea talde berriko nagusiak etortzen diren eta dena argitzen hasten den.
Ordezkariekin eta abokatuekin lanean ariko zara, noski, baina zuk ere jarri beharko dizkiozu epe batzuk zeure buruari; iraila ere badoa aurrera.
Horregatik da zaila egoera. Dena nahiko itxita zegoen talde berriaren inguruko albistea eman zutenean, eta ea zer gertatzen den. Joan den asteartean askatasun agiri hori eskatzeko bilera prestatuta geneukan, eta bidean geratu da hori ere. Ea zer gertatzen den orain.
Taldearen inguruko albiste guztiek ez diote mesederik egin kirol arloari. Kostatzen ari zaizue, ezta?
Etorri aurretik denok egon nahi genuen orain gauden baino hobeto. Baina egun batean, batek; bestean, besteak... Denok huts egin dugu Vuelta honetan, eta irabazi gabe jarraitzen dugu oraindik. Ea lortzen dugun. Taldekako sailkapenean, behintzat, lider jarri gara, eta, gutxienez, sari polita litzateke hori.
Giroa eta Vuelta eginda zeneuzkan denboraldi berean, baina Tourra eta Vuelta ez. Zer esaten ari zaizu gorputza?
Ez dakit... Lehen aldiz sartu ditugu denboraldi berean Tourra eta Vuelta, eta, emaitzak ikusita, beharbada, gauzak ez ditut egin behar bezain ondo. Bigarren aste honetan behera egin du gorputzak, eta kostatzen ari zait, bai. Gerora ikusi beharko dugu zertan huts egin dugun edo zergatik gertatu zaigun hau. Baina egia da, baita ere, Valverde eta Purito [Joaquim Rodriguez] kenduta, Tourretik etorri garen guztiok egin dugula dezente behera. Zerbaitegatik izango da.
Igor Antonek huts egin zuen lehen astean; Samuel Sanchezek, mendiko lehen etapan; zuk zeuk, bigarren astean... Momentu horietan, zer aipatu duzue txirrindularien artean?
Ez dugu egin bilera berezirik. Bai, Samuelek huts egin zuen mendiko lehen egunean eta denbora dezente galdu zuen. Baina oraindik sasoia fintzen ari da, eta azken asterako, berak gora egitea eta taldeak laguntzea espero dugu.
Etapa bat irabazteak arinduko luke orain arteko Vuelta triste samarra?
Baietz uste dut. Etapa bat irabazteak txukunduko luke Vuelta, eta are gehiago garaipen horrez gain norbait lehen hamarren artean sartzen bada eta taldekako sailkapena irabazten badugu. Emaitza horiekin ez litzateke izango hain Vuelta tristea.
Bitxia litzateke desagertzera doan talde batek hiru asteko itzuli bateko taldekako sailkapena irabaztea.
Bai... Bitxia eta oso polita. Ederra litzateke Euskaltelen azken itzuli handian taldekako sailkapena irabaztea.
Egurrerako hiru igoera gogor geratzen zaizkio Vueltari. Samuel Sanchez, Igor Anton eta Mikel Nieve. Egunak eta lanak banatzea onena?
Ikusi egin beharko da. Argi dago Samuel dela indartsuena goian amaitzen diren etapetan, eta berari laguntzea izango da gure lana. Eta, noski, gainerakoek ere estutu egin beharko dugu taldekako sailkapena buruan. Egun bakoitzean egingo dugu azterketa.
Nibali, Horner, Valverde eta Rodriguez. Estu dago kontua.
Oso borroka polita dago. Ez dago alde handirik, eta ikusi dugu Nibali bera ere larri samar dabilela. Aurkariak hazi egingo dira horrekin, eta lauren artean dezenteko egurra izango da azken etapetan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario